Urteko urtaro hotzena iristen denean, heriotzaren eta bizitzaren arteko tartea oso laburra dela gogorarazten diguten festak ospatzen dira. Festa horietan azpimarratzen da, halaber, materia berriro jaio litekeela, berpiztu litekeela. Oro har, neguko festek dramatizatu egiten dituzte pertsonen, animalien eta landareen heriotzarekin eta berpiztearekin zerikusia duten gaiak.
Santu guztien egunarekin hasten dira neguko festak, azaroaren 1ean, hain zuzen ere. Hildako pertsonei eskainitako egun bat da, eta egun horretan, senide eta adiskideek lorez betetzen dituzte pertsona maitatuenen hilobiak.
Erlijio horretan bazen, halaber, zerua eta infernua, nahiz eta ez zen erlijio judeokristauetako zeruaren eta infernuaren ikusmolde berekoa. Pertsona bat hiltzen zenean, gauekoen taldekoa izatera igarotzen zen. Iluntasunean, Ilargiak, “Hilen argiak”, gidatzen du, Mariren haitzulora edo kobazulora eramango lukeen bide batetik. Mariren sinboloarekin babesten zen hildakoa espiritu txarretatik, lauburuari esker alegia, eta haren hilarrian zizelkatzen zen. Mariren haitzulora iristean, harekin eta haren arbaso guztiekin bizi zen, betirako, bakean, zoriontsu eta ugaritasunean, Lur Azpiko Munduan. Hori zen zeruaren kontzeptua antzinako euskaldunentzat. Baina bizien munduan Mariren irakaspenen arabera jardun ez zuen eta lagun hurkoari kalte egin zion pertsona, aldiz, alderrai ibiliko zen betirako, ilunpean, espiritu gaiztoek zelatan zituela (lauburuak zintzo jardun dutenak baino ez dituelako babesten), Mariren kobazulora eramango zuen bidea topatu ahal izan arte. Hori zen garbitokiaren (alderrai ibiltzea denboraldi batez bide zuzena topatu arte) eta infernuaren (gauez alderrai ibiltzea bidea topatu gabe) kontzeptua.