Izen horrekin izendatzen dira, hainbat elezaharren arabera, jentilek urruneko parajetatik jaurti bide zituzten gaur egungo ikus litezkeen zenbait harri. Era horretakoak daude, esate baterako, Urdiolako amildegian (Arrankudiaga), bertara jaurti baitzituzten jentilek izen bereko mendien artean bolotan jolasten ari zirela, eta Arakaldoko Gaztelua; Markolan (Karrantza), jentil batek harria jaurti zuenean, gizon bat eta idi uztarri bat hartu zituen azpian; Aitzbiribil (Mutriku) deituan, jentilek Santakruz menditik jaurtia (Ondarroa gainean); Amilekoa (Mutriku), jentilek Arno menditik jaurtia; Osunakoerrekakoa (Soraluze), jentil batek Atxolineko gailurretik jaurtia…
Jentilarri esaten zaie, halaber, San Martingo (Mañaria) ermita ondoan dauden harri batzuei, eta baita kobazulo bati ere, zeina jentilek egin zutela uste den eta horien bizilekutzat hartzen duten.