gure

Mitologia
delimiter image

Kristautasunaren aurretik Euskal Herrian zeuden sinesmenen, pertsonaia mitikoen eta elezaharren multzoak osatzen du euskal mitologia. Naturaz gaindiko mundu bat da, gizakiak berak sortua bizitzaren funtsezko arazoei erantzuteko helburuarekin. Euskaldunen antzinako erlijioa izan zen mitologia, nolabait esatearren.

Goi Erdi Aroan sortua da mitologia, edo, are gehiago, Neolitikoaren garaikoa. Oso litekeena da K.a. 1000. eta 500. urteen artean lurraldea inbaditu zuten zeltek ekartzea naturaz gaindikoaren gurtza hori. Garai hartan, natura osatzen zuten osagaiak gurtzen ziren, eta bereziki Lurra, hura hartzen baitzen gauza guztien erdigunetzat. Eguzkia, ilargia eta zerua gurtzen ziren. Gizakiekin batera bizi ziren izaki magikoei buruzko kontakizunek gero eta indar handiagoa hartzen joan ziren. Izaki haietako askok iluntasuna betetzen zuten, eta horrela egiten zaie erreferentzia euskal esaera zahar honetan:

“Eguna egunekoentzat
eta gaua gauekoentzat”

Gure historiaren parte

Berezko ezaugarriak ditu euskal mitologiak, eta euskaraz mintzatzen diren edo garai batean mintzatu ziren lurraldeetan kokatzen da (Nafarroa, Euskadi eta Ipar Euskal Herria), hizkuntza horretan helarazi baitzen. Belaunaldi batzuetatik besteetara ahoz aho igaro da, hortaz, mitologia.

Erlijio kristauaren eta erromatarren inbasioaren ondoren, hainbat aldaketa gertatu ziren euskal mitologian. Kristautasunak jatorrizko mitoak aldatu eta bere premietara egokitu zituen. Hain zuzen ere, hizkuntza basati eta paganotzat hartu zuen euskara kristautasunak. Eragin kristau horren ondorioz, mitologia zabaldu egin zen, eta, horrela, pertsonaia eta elezahar gehiago sortu ziren.

XX mendearen hasieran, elezahar mitologiko horiek lausotzen hasi ziren, harik eta 1920 urtearen inguruan Ataungo apaiz J.M. Barandiaranek herrietan oraindik sinesten ziren istorio eta elezahar haiek guztiak biltzea erabaki zuen arte. Eta hari esker berreskuratu ziren, hain zuzen ere, ia ahazturik zeuden istorio eta elezaharrak.

Mundu Magikoa

Antzinako jainkosa baten bizileku den mendi sakratu bat, orain dela 2000. urte erraldoien ezkutaleku izan ziren trikuharriak, Basajaun izeneko izaki misteriotsuaren bizitoki den baso bat, deabruaren katedrala izenaz ezagutzen den kobazulo bat. Euskadiko eta Nafarroako geografian barrena sarri topatzen dira elezaharretako izakiak gogorarazten dizkiguten lekuak. Basoak, hileta monumentuak, kobazuloak, bailarak… misteriozko elezaharrez inguratuak guztiak. Horiexek dira oso antzinako sinesmenetara eramaten gaituzten froga nabarmenenak.

Ahozko transmisioari esker iritsi da euskal mitologia belaunaldiz belaunaldi gaur egun arte, aiton-amonek beren seme-alaba eta ilobei kontatu dizkieten antzinako sinesmenetan oinarritutako parabola eta ipuinen bitartez.

Eskoletan ere irakasten da euskal mitologia, eta liburu ugari daude pertsonaia mitologikoak ezagutzen laguntzen dizkigutenak. Kultura ondare ederra osatzen dute istorio mitologikoek. Ezagutu eta errespetatu beharreko ondarea da, inondik ere.

eguzkilore