Aari, Ahari. Okinako (Araba) leizean bizi den jeinuaren irudia. Mariren agindupeko jeinuetako baten irudia.
Aatxe, Ahatxe, Aatxegorri. Jainko troglodita, zekor, zezen edo behi forma hatzen duena. Mariren irudikapenetako bat da.
Abellion. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Aberri. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Adur, Adu. Aztien zori edo joera magikoa.
Aereda. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Agamunda. Ataungo (Gipuzkoa) osina, jeinuen bizilekua eta elezaharren helburua.
Ageio. Erromatarren garaiko jainkoa.
Aherbelste. Lutxon inguruko jainko topikoa, erromatarren garaikoa.
Aiar. Jeinu gaiztoa, Euskal Herriko ekialdeko eremuan.
Aide,Ahaide, Aideko, Aidetikako. Naturaz gaindiko numena, gizakien ekimenetan eragiten duena; jatorri ezezaguneko eritasunak sortzen ditu.
Aidegatxo. Ekaitzak osatzen eta gidatzen dituen jeinua, Lapurdin.
Aiharra-Haio. Jeinu gaiztoa, Lapurdin.
Aitzgaizto. Leizade mendilerroko gailurra, Ataunen (Gipuzkoa), jentilekin lotu ohi dena.
Aizkomendi. Egilazeko trikuharria eta gailurra (Araba).
Aizkora. Gure mitologian, aizkorak tximistorratzaren zeregina bete ohi du ekaitzetan.
Aizkorri. Mari bizi den mendia. Elezaharraren arabera, Aralarko mendikateraino iristen da, haitzulo baten bitartez.
Aizkultzeta. Altzolako parajea, Aian (Gipuzkoa). Bertan osin bat dago, tradizio mitologikoa duena.
Ahizpak. Ahizpen kontzeptua ohikoa da, aukera ematen baitu irudi mitologikoak biderkatzeko.
Akelarre, Akelarren-leze. Zugarramurdiko haitzuloaren (Nafarroa) aurrean dagoen lekua; bada elezahar bat adierazten duena lamina bat egoten zela bertan bazkan. Euskal Herriko hainbat lekutan errepikatzen da elezahar hori bera.
Aker. Aztien biltzarretan akerraren itxura hartzen duen jeinu edo deabrua; haiei irakasten die, eta meza beltza ematen du.
Akerbeltz. Aker beltzaren irudiak jeinu bat irudikatzen du, eta Mariren hainbat ezaugarri ditu.
Aketegi. Aizkorriko haitzuloa, Mariren bizilekua.
Alar. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Alarabi. Mendietako jeinua, Markinako eskualdean (Bizkaia).
Alardoss. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Alardost. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Albi. Aralarko osin handia. Bertatik sartzen dira infernura kondenatuak beren azken bizilekura.
Aldabazar. Aldabako baserria, Tolosan (Gipuzkoa). Tradizioaren arabera, jentilak bizi izan ziren bertan.
Almora, Armura, Armorkora. Kuartangoko (Araba) tumuluak. Haien azpian trikuharri ugari aurkitu dira.
Aloña. Oñatiko mendia (Gipuzkoa). Bertan dago Gaiztozuloko haitzuloa, Mariren bizilekua.
Alotza. Aralar mendilerroko parajea, menhir motako harlauza bat dago, elezaharraren arabera jentil batek Murumenditik jauzia.
Andra MariHarri. Amezketako Igone baserri hurbileko harkaitza (Gipuzkoa).
Andre Dena Mariako Iturri. Ostabat basoko iturria (Nafarroa Beherea). Elezaharraren arabera, Ama Birjina egon zen bertan.
Anxo. Basajaun jeinuaren pareko jeinu baten izena.
Araneko Harri. Gorbeia inguruko mendietako mendi lepoa (Bizkaia). Lotura du Orozkoko Arane baserriko elezahar batekin.
Arantzazu. Gipuzkoako santutegia. Inguruko parajeetan elezahar mitologiko ugari daude.
Arardo. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Arbeiza. Nafarroako herria. Tradizio mitologikoko putzu bat dago bertan.
Arbeldi. Ataungo baserria (Gipuzkoa). Lotura du Agamunda osinaren inguruko elezaharrekin.
Argi. Hilen arimaren adierazpen gisa oso zabalduta dago argia gure herriko leku askotako elezaharretan.
Argiduna. Gaueko argi formako iratxoa, Zeanurin (Bizkaia).
Arhe. Erromatarren garaiko akitaniar jainkoa.
Arixo. Erromatarren garaiko akitaniar jainkoa.
Arletze. Andia mendilerroko leizea, sorgin izeneko jeinuen bizilekua.
Armontaitz. Ataungo Aian, Aiarre baserri alboko haitzuloa (Gipuzkoa). Jentilak bizi omen ziren bertan.
Arpe. Leizeek garrantzi handia dute euskal tradizio mitologikoetan.
Arpeko Saindia. Bidarraiko (Nafarroa Beherea) Zelharburu mendiko haitzulo batean dagoen zutabe estalagmitiko baten izena. Interes mitologiko handia du eta erromes gune izan zen antzina.
Arpenino. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Arreo. Erriberagoiti (Araba) udalerriko herria. Aintzira bat dago bertan, eta, elezaharraren arabera, hodeiak ateratzen ziren bertatik, ekaitza osatzeko. Sustrai sendoko tradizioa du Kuartangoko bailaran.
Arretxinaga. Arretxinagako San Migel ermitan, Markinan (Bizkaia); hainbat harkaitz daude, ospe handia lortu dutenak, sendatzeko gaitasuna dutelako.
Atrikulunka. Hargibele mendiko harkaitza, Baztan bailararen mugan eta Aldudekoetan. Monolito, trikuharri eta harrespil ugariko eremua da, eta baita elezahar mitologiko aberatsekoa ere.
Arthe deo,Artae, Artahe. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Aska. Elezahar eta sinesteetan aipatzen diren arrasto eta markak.
Askaata. Ataungo barrutia, Gipuzkoan. Osin bat dago, Txaalgorri jeinuek babestua.
Askoa. Ataungo mendia (Gipuzkoa), Lizarrustiko mendatearen gainean. Haitzulo bat dago bertan, eta, elezaharraren arabera, basajaun bat bizi da bertan.
Asto Iluno. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Ata. Aralar mendikatearen hego-ekialdeko bailara. Menhir antropomorfo bat dago, eta, tradizioaren arabera, Erroldanek jaurti zuen Madozen kontra, San Migel Excelsisetik.
Atarrabi. Pertsonaia mitikoa, Marimundukoren semeetako bat.
Atxular. Pedro Axular Etsai jeinuari lotutako Zugarramurdiko elezahar baten protagonista izan zen.
Atzulaur. Itzine mendiko barrutia, Orozkon (Bizkaia). Tradizio mitikoko haitzulo bat dago.
Ausa. Aralar inguruko mendi baten antzinako izena, Zaldibian (Gipuzkoa). Gaztelu bat egon zen bertan, jentilen bizilekua izan zena.
Austokieta. Otsabio mendiko haitzuloa, Lizartzan (Gipuzkoa). Elezaharraren arabera, jeinu bat bizi izan zen han, suzko zezenaren forma duena.
Austarri. Monolitoa, beheko suaren eta mugarriaren harria; haren alboan bizi dira suaren jeinua eta etxearena.
Auza. Baigorri inguruko mendia. Bertako haitzuloetako batean altxor bat dago, eta suge batek eta aker batek zaintzen dute.
Auzo. Auzo kontzeptuak garrantzi handia du gure sistema mitologikoan.
Axleor. Urrustei mendiaren iparraldeko isurialdean dagoen babesleku naturala, Diman (Bizkaia). Elezaharraren arabera, jentilen babesleku bat egon omen zen bertan.
Axo. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Azalegi. Alzaiko kobazuloa eta baserria (Zuberoa). Bertan kokatzen da Zaroko kondearen elezaharra.
Azantzile. Hildako baten agerpenak hartzen duen izena Arnegin (Nafarroa Beherea).
Azkenaldia. Munduaren amaieraren kontzeptua euskal sistema mitologikoan.
Azti. Izadiaren legeen kontrako gauza miragarriak egiten bide dituen edo ahalmen ezkutuak bide dituen pertsona.
Aztikeri. Azti lana, magia, isileko edo ezkutuko bidez gertakari miragarriak edo itxuraz miragarriak sortzeko antzea.
Baelisto. Erromatarren garaiko jainkoa, Angostina inguruan, Bernedon (Araba).
Baeserte. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa, Comminges eskualdekoa.
Baikorrix. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Baios. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Balbe. Bizkaiko hainbat lekutan, heriotzaren pertsonifikazioari edo heriotza eragiten duen jeinuari ematen zaion izena.
Baltzola. Izen bereko auzoko haitzuloa, Diman (Bizkaia). Hainbat elezahar kokatzen dira han.
Baratze. Etxe ondoko lursaila, landareak aldatzeko edo horien haziak ereiteko zaintzen dena, lotura du hilobiaren kontzeptuarekin eta sistema mitologikoko beste alderdi batzuekin.
Bargota. Nafarroako udalerria, Juanis Bargota aztiari buruzko hainbat tradizioren kokalekua.
Basajaun. Euskal mitologiako jeinu garrantzitsuenetako bat.
Basandere. Hainbat haitzulotako sarreran agertzen den emakumezko jeinua, basajaunen bikotekidea.
Basce Andoss. Bassioué haraneko izen bereko jainkosa, Erdialdeko Pirinioetan, erromatarren garaikoa.
Begizko. Pertsona batzuek begiraldiaren bidez eta aztikeriaz, eragiten omen duten kaltea. Oso zabaldua dago kontzeptu hori Euskal Herrian, eta oso ugaria da euskal sistema mitologikoan.
Behigorri. Haitzulo eta osinetan bizi den jeinua. Zenbaitetan, behi gorri baten itxurarekin agertzen da lurrean.
Belagile. Sorginek Zuberoan hartzen duten izena.
Berezko. Bere izate edo funtsari dagokionez, kanpoko eraginik gabea.
Betadur. Begien indar magikoa; begizkoa egiten duenak begiratu hutsarekin lortzen duen lilura.
Betizu. Behi arraza basatia, mende honetan desagertu dena. Antzinaz geroztik izan da material sinboliko mitologikoaren inspirazio iturria.
Bildur-Aize. Ametsarekin zerikusia duen jeinua.
Birao. Madarikazio edo esaldi larria. Formula baten arabera, pertsona edo animalia batez jabetzen den jeinua, objektutzat hartuz pertsonaren edo animaliaren izena.
Bocco Harauso. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa, Comminges eskualdekoa.
Borienno. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa, Barousse haranean.
Buru. Beasaingo baserria (Gipuzkoa). Bertan bizi izan zen, denbora batez, Murumendiko dama.
Buruko. Amets gaiztoen jeinuak, gaizkinak, osatzen dira burukoekin.
Eate. Goierrin (Gipuzkoa), ekaitzaren, suaren, uholdeen eta haize bortitzen jeinua.
Edelate. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa, Commingesko eskualdekoa.
Egoi, Hegoi. Hegoaldeko haizea, ipar-mendebaldeko haizearen alaba, iparraldekoarekin batera.
Eguberri. Gabonekin lotura duen kontzeptua, Urteberri eta Gabon Gaueko solstizio errituei lotua.
Eguen. Osteguna, Eguren eguna, zeruaren eta argiaren jainkoa, seguru asko.
Eguzki. Eguzki argia. Solstizioaren inguruko sinesmenek eta errituek garrantzi handia dute gure mitologian, euskal tradizioaren garai antzinakoenez geroztik.
Ehiztari. Elezahar ugaritan ageri ohi da ehiztari bat, atsedenik gabe mendi eta haranetan barrena korrika egitera zigortua.
Ekain. Izen bereko mendiko haitzuloa, Deban (Gipuzkoa). Haitzuloetako pinturen eta arrasto arkeologikoen garrantzizko aztarnategia. Bertako pinturek informazio asko ematen dute euskal sinesmenen garai arkaikoenei buruz.
Ele. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Erditse. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Herensuge, Erensuge. Jeinu gaiztoa, suge forma hartzen duena.
Ereñusarre. Ereño, Arteaga eta Kortezubi artean dagoen harkaitza (Bizkaian). Magalean Atxondo, Elesu, Sagastigorri eta Santimamiñeko haitzuloak daude.
Erge. Erromatarren garaiko piriniotar jainkoa.
Herio. Heriotza bizkortzen duen jeinua.
Erle. Euskal mitologian, animalia sakratua da erlea.
Errolan. Pertsonaia historiko eta mitikoa, arrasto sakona utzi duena euskal tradizioetan eta mitoetan.
Etsai. Deabruaren jeinua. Dragoi baten forma hartu ohi du askotan, baina baita zezen, zerri, zaldi edo aker forma ere.
Etxajaun. Gauez agertzen den arbasoaren irudia, etxearen babeslea eta ongilea.
Etxe. Familiaren erdigunea. Funtsezkoa da euskal sistema antropologikoan eta mitologikoan.
Etxeburu. Izurtzako dorrea (Bizkaia). Haren azpian tradizio mitologikoko haitzulo bat dago.
Etxekandere. Etxekoandrea. Etxean gurtzen den pertsonaia nagusia.
EtxekanderearenBaratza. Nafarroa Beherean, etxearen alboko lursailari ematen zaion izena; han lurperatzen ziren bataiatu gabeko haurrak.
Eza. Ukazioa. Kalkuluei buruzko gezurra, Marirekin lotura duena.
Ezizen. Goitizena, gauza sekretuak edo tabuak izendatzeko erabiltzen den goitizena.
Gabonzahar. Bizkaiko eta Gipuzkoako leku askotan urteko azken egunari ematen zaion izena.
Gabonzuzi. Enborra, neguko solstizioaren eta Gabonetako jaiaren sinboloa. Euskal Herriko hainbat lekutan surtan jartzen da Gabon gauean, eta dohain ugari emaen dituela esaten da.
Gaizkin. Jeinu gaiztoa, gaixotasunen sortzailea, burukoen barruan hezurmamitzen dena. Zenbait lekutan, familiako jeinuak.
Gar. Pirinioetako izen bereko Gar gailurraren izena hartzen duen jainkoa, erromatarren garaikoa.
Gari. Gariaren laborantzak mito ugarirekin du lotura.
Gauargi. Errezil inguruan (Gipuzkoa), gaueko jeinua, argiaren edo gune argitsu baten forma hartu ohi duena. Jeinu ona, Ithurrotz eskualdekoa (Zuberoa).
Gaueko. Gauaren jeinua. Zenbait mitotan jentiltzat edo jainkotzat hartu ohi da. Behi baten edo munstro baten forma hartu ohi du.
Gerixeti. Bizkaiko hainbat lekutan, hildakoaren irudiari ematen zaion izena.
Gizotso. Basoetan bizi den munstroa, era askotako ezaugarriak hartu ohi ditu, eskualdearen arabera.
Gorospil. Baztan, Ezpeleta eta Itsasuko mugetako gailurra. Monolito bat dago bertan, tradizio magikoko idazkunekin.
Gorri Txiki. Jeinu gorriak, Orio eta Aia ingurukoak eta familiartekoak, seguru asko.
Gurutze. Ikur kristaua, ohikoa herri sinesteetan eta sinboloetan.
Obantzun. Berastegiko gailurra (Gipuzkoa). Bertan oinarritzen da elezahar bat, Euskal Herriko beste leku batzuetan ere kokatzen dena.
Hodei, Odei. Ekaitzaren jeinua.
Ogi. Mito ugarirekin du lotura.
Ogoño. Elantxobeko mendia (Bizkaia). Osin bat dago bertan, lamiñakuen bizileku izan zena.
Oihartzun, Oiarzun. Euskal Herriko mito askotan agertzen da.
Okina. Izen bereko lekuan dagoen osina (Araba), elezahar ugaritan agertzen dena. Jeinuak bizi izan ziren bertan.
Ola. Burdinola eta burdina ohikoak dira Bizkaiko eta Gipuzkoako elezahar askotan.
Olentzero. Eguberria irudikatzen duen pertsonaia. Hainbat izen eta aldaera hartzen ditu.
Olerria. Aulestiko etxea (Bizkaia), bertan bizi izan ziren jentilak.
Oilar. Elezaharretan, jeinuak beren eguneko bizilekuetara erretiratzen direla adierazten du oilarraren kantuak. Gaizkineek, askotan, haien morfologia hartzen dute.
Oneztarri. Tximistaren harria, garrantzizko zeregina betetzen du gertaera atmosferikoen azalpen mitologikoetan.
Oinatz. Elezaharren arabera, Euskal Herrian ugari diren jeinu eta jentilen arrastoa.
Oinaztura. Tximista. Mitologian, naturaz gaindiko indarra.
Opari. Elezaharretan forma ugari hartzen ditu, eta bertsio paganoan zein kristauan ageri ohi da.
Orrazi. Sinbolo gisa ageri ohi da euskal elezahar eta mitoetan, Marirekin lotuta.
Osin. Elezaharretan, leize, putzu eta aintzira magikoen izena.
Oskia. Anoz eta Erroz (Nafarroa) arteko haitzartea. Bertan dago Arkaitz haitza, tradizio handikoa.
Ostadar. Hainbat izen hartzen ditu, eta hainbat sineste eta elezaharren iturburu izan da.
Ostebi. Zeru euria, Ost jainkoari egotzi ohi zaiona.
Sandao Binburo. Erromatarren garaiko jainkoa, Artziniegan (Araba).
Sansonarri. Sansonen harria, Illarramendin, Tolosan (Gipuzkoa). Tradizioaren arabera, Sansonek jaurti zuen; mito hori askotan errepikatzen da harkaitz ugarirekin.
Santatri. Goierriko hainbat lekutan, Aizkorriko mendilerroari ematen dioten izena. Hainbat elezaharretan agertzen da.
Sanurratu. Aztiek egindako sendaketa baten izena, Bizkaian. Tradizio handia du euskal herri sinesmenetan.
Selatse. Erromatarren garaiko jainkoa, Barbarinen (Nafarroa).
Semeola. Aiako Altzolako (Bizkaia) baserria. Ekaitzarekin zerikusia duen elezahar baten helburua.
Sorgin. Jeinu gaiztoa, Mariren zerbitzura diharduen numena. Forma eta aldagai ugari ditu.
Sorginetxe. Arrizalako trikuharriaren izena (Araba).
Sorsain. Sorgina, haur bat jaiotzeko zain egoten da, gero hura hiltzeko.
Su. Funtsezko osagaia da sinesmen mitologikoetan. Erabilgarritzat hartzen bada ere, izan liteke kaltegarria. Suteekin eta harri erauntsiekin lotu ohi den jeinua da.
Suharri. Jarduera magikoetan erabilitako harria.
Sugaar. Suge arra, Mariren senarra, ohiko osagaia elezaharretan. Era askotako formak eta izenak hartzen ditu.
Sugoi. Sugaarren izena Arratian (Bizkaia). Gizaki itxura hartzen du zenbaitean.
Tartaloetxeeta. Saadar mendiko zelaia (Zegama, Gipuzkoa). Trikuharri bat dago bertan, Tartaloren babeslekua.
Teila. Etxearen eta jabetzaren sinboloa.
Torto. Hainbat elezaharretan, Tartalok hartu ohi duen izena.
Trikuharri. Monumentu megalitikoa, izen bereko lekuan, Aralarren, dagoena; hedaduraz, mendilerro horietako guztiak. Lekuen arabera, jentilek, mairuek, mairiek, sorginek eta Tartalok eraiki zituztela esaten da.
Tulonium. Dulantziko jainkoa (Araba).
Tusuri. Deabruaren izena Zuberoan.
Txaalgorri. Ataun inguruan (Gipuzkoa) jeinuek hartzen duten forma.
Txalaparta. Erritu eta sinesmen magikoekin zerikusia du haren erabilerak.
Txekorgorri. Txekor gorriaren irudia duen jeinua; zenbait elezaharretako gai nagusia da.
Txelemon. Herri fartsa, eguzkiaren inguruko sinbolo primitiboetan oinarritua, familiaren inguruan, etxean, aurkeztua eta Marirekin lotua.
Txilin. Zeremonia eta erritu magikoetan erabilitako tresna.
Txingar. Gori dagoen ikatz zatia, bedeinkatutzat hartua, amuleto gisa erabiltzen da.
Zakur. Animalia hau ez da ohikoa euskal mitologian.
Zaldi. Mendeko zenbait jeinuk hartu ohi dute haren forma, eta elezahar ugaritan ageri ohi da.
Zaldiaran. Gasteizko mendietako gailurra, jeinuen kontakizunekin lotua.
Zanpantzar. Inauterietako eta Errauts Asteazkeneko pertsonaia barregarria. Hainbat fartsatan ageri ohi da.
Zezen. Hainbat osin eta haitzulotan bizi da, eta haien zaindaria da.
Zezengorri. Lurpeko jeinuek haren morfologia hartu ohi dute.
Zirpi-Zarba. Aiako Ai-iturrietako (Ataun, Gipuzkoa) jentil baten izena.
Zirri-Mirri. Oiartzun (Gipuzkoa) inguruko jentil baten izena.
Zotalegun. Zenbait lekutan urtarrileko lehenengo hamabi egunei ematen zaien izena; eguraldiaren iragarpenetan, urteko hamabi hilabeteak irudikatzen dituzte.
Zozomikote. Apirileko lehenengo bi egun eta erdiak.
Zubi. Jentilen eta beste jeinu batzuen eraikuntza dela adierazten da elezahar eta tradizio ugaritan.
Zuloko-Meza. Horma-hobiak, harkaitzetakoak askotan, kristaututako sinesteekin lotura dutenak.
Zupitaitz, Supitaitz, Suspenzaitz. Hareharrizko harkaitza, Oiduegiko gailurrean (Aralar). Inguruko beste hainbat hondakin megalitikoen antzera, lotura du antzinako sinesteekin.