Ursuarango elezahar batek honela dio: Zegamako Antimuño baserriko bi anai mendira irten omen ziren behin, ehizatzeko asmoz. Trumoiak hasi omen ziren, eta izugarrizko ekaitza zetorkiela ikusirik, korrika hasi omen ziren Saadar mendiko lautadan babes bila. Txabola handi bat ikusi, eta bertan sartzea erabaki zuten.
Ondoren, artalde bat sartu zen txabolan, eta haren ondoren, artzaina. Gizon handia zen artzaina, eta begi bakarra zuen kopetan. Tartalo zen. Tartalok Antimuñokoak ikusi zituenean, honela esan zion zaharrenari:
“Zu, gaurko”, eta gazteenari: “Zu, biharko”.
Ondoren zaharrenaren gorputza burruntzian sartu, erre eta jan egin zuen. Haren ondoren, lurrean etzan eta lo gelditu omen zen. Antimuño gazteak hori ikusirik, burruntzia hartu, sutan berotu eta Tartaloren begian sartu omen zuen. Tartalo burruntzia begian zuela zutitu zen, erabat itsuturik. Tartalo itsumustuan aritu zen Antimuñoko gaztearen bila, baina alferrik, ardi eta larru artean zegoen ezkutatuta gaztea.
Biharamunean, txabolako atea zabaldu zuen Tartalok. Ardiei beren izenez deitu eta banan banan atera zituen txabolatik. Antimuñoko gaztea, arto larruaz estalia, Tartaloren hanka artetik igaro zen eta txabolatik ihes egitea lortu zuen. Tartalo berehala jabetu zen gertatutakoaz, eta haren atzetik abiatu zen, haren urratsen hotsei jarraituz. Gaztea erreka batera iritsi eta igeri zeharkatu zuen; Tartalo ere uretan sartu zen, baina, ez zekienez igeri egiten, ito egin zen.
Tartaloren mitoa Euskal Herriko hainbat lekutan entzun da. Saadar mendiko zabaldi batean bada leku bat Tartaloetxeota izenekoa, eta han dago, halaber, Tartaloetxe izeneko trikuharria, Antimuñoko semeen tragedia gertatu zen lekuan, hain zuzen ere.