Salbatoreren argimutila

Lekua: Muski

Mendibetik Iratiko mendira igotzen den bidean dago Salbatoreren ermita. Bertara joaten dira erromesaldian inguruko herrietatik, Corpus Christi egunean bereziki. Ermita horri buruzko hainbat elezahar daude, eta bertan kokatzen dira herri kontakizunetan errepikatzen diren zenbait gai.

Elezahar horietako batean aipatzen da Salbatoren dagoen argimutil zahar bat. Iratitik hurbil dagoen Galharbeko-potxako haitzuloan bizi zen Basandere jeinuak omen zuen argimutil hori, Basajaunek lapurtua, nonbait.

Behin, Lohibarria baserriko gazte batek (Mendibe), bere behiekin paraje hartan barrena zebilela, argimutila ikusi zuen, dir-dir; nagusiak garbitu berria zuen, eta, une hartantxe, ilea orrazten ari zen, urrezko orrazi batez.

Mutikoak behin eta berriro eskatu zion argimutila Basandereri, eta hark, azkenik, eman egin zion. Artzainak Salbatore ermitara eramateko asmoa zuen, baina Basandere horretaz jabetu zenean, oihuka hasi zen eta haren atzetik abiatu zen.

Basajaun mendi gailurrean zegoen, eta gertatzen ari zen guztia ikusi zuen handik; gaztearen atzetik abiatu zen korrika. Gazteak, Salbatoretik hurbil zegoela, honela esan zuen oihuka: “Jondoni Salbatore, zuretzat nuen, othoi urrikal zakizkit!”. Hitz horiek amaitu bezain pronto, joka hasi ziren Salbatoreko kanpaiak, eta Basandere eta Basajaun ez aurrera ez atzera gelditu ziren. Azken horrek honela esan zion oihuka: “Kanpai madarikatu horrek babestu zaitu, baina baraurik harrapatzen zaitudan egunean, adi ibili, ondo ordainduko duzu eta”.

Handik egun batzuetara, Lohibarriako artzain gaztea baraurik zihoan mendira, eguna garia jotzen eman ondoren, eta Basajaun atera zitzaion bidera. Artzaina berehala gogoratu zen Basajaunek egindako mehatxuarekin; eskuak burura eramanik, gari ale batzuk aurkitu zituen ilean, eta ahora eraman zituen. Horrela eten zuen artzainak baraua, eta berehala desagertu zen Basajaun.

Argimutila Salbatoreren ermitan dago oraindik. Mendibetik hurbileko herriko herritarrak behin baino gehiagotan saiatu dira herrira eramaten, baina ez dute inoiz Haritz-kurutetako muinotik aurrera jarraitzea lortu.