Garamendi baserrian, Arratiako haranean, gizon handi eta indartsu bat bizi zen; Silvestre bazuen ere izena, Txilibristo esaten zioten denek. Hark bai indarra! Gai zen gurdia goraino beteta eramateko, herri batetik bestera.
Egun batean, orrazi bat topatu zuen Silvestrek errekaren bazterrean; bularrean gorde eta bideari ekin zion berriro.
Halako batean, lamina bat agertu, eta honela esan zion:
Txilibristo, eman orrazi hori berehala; hil egin beharko zaitut bestela!
Silvestrek lepotik heldu zio laminari eta bere etxera eraman zuen, preso. Hainbat egun igaro ziren, eta egun horietan laminak ez zuen hitzik esan, mutututa ematen zuen.
Baina Lamina hari, beste lamina guztiei bezala, izugarri gustatzen zitzaion esnea, eta, egun batean, sukaldean zegoela, esnea irakiten hasi zen, eta Lamina, esnea galduez zedin, keinuka eta oihuka hasi zen:
Zuria gora, zuria behera.
Silvestrek, orduan, ikusirik lamina hitz egiteko gai zela, hitz egiten jarraitzera behartu zuen. Laminak nola hil zitezkeen galdetu zion. Eta honela erantzun zion hark:
Laminekin amaitzeko, erreka guztiak ondo goldatu behar dira San Joan goizean jaiotako zekor nabar biren indarraz baliatuta.
Lamina haren hitzak berehala zabaldu ziren auzoz auzo, eta berehala arakatu zituzten Arratiako haraneko korta guztiak San Joan goizean zekor nabarren bila.
Egun haietan zekor nabar pareek kemen handiz goldatu zituzten erreka barruak. Laminak behin betiko uxatzeko modua zen. Egia da orduz geroztik ez dela lamina bakar bat agertu inguru hartan.