Iraganeko secretuak

Mitoak eta Sinesmenak
delimiter image
Olentzero / Gabon Gaua

Olentzeroren ospakizuna da gaur egun arte iritsi den antzinako erlijioaren erritu bakarra; erlijio kristauarekin eta mendebaldeko tradizioekin oso nahastua iritsi bada ere, jatorrizko izendapena gorde du.

Oles egin eta aro hitzetatik dator Olentzero. Hura bidaltzen zuen Marik neguko eta udako solstizioen iritsiera gizakiei iragartzeko, eta baita naturaren eta eguzkiaren berpiztea iragartzeko ere. Espiritu hari opariak eman behar zizkioten euskaldunek, bai uda bai negua egokiak izan zitezen, uztetarako eta ehizarako.

Jatorrian, Olentzero esaten zitzaion Gabon Gauean tximiniako sua elikatzen zen enborrari. Biharamunean, su horretako errautsak etxeko atarian sakabanatzen ziren, urte berrian etxea bera eta bertan bizi direnak babesteko helburuarekin.

Euskal mitologiaren arabera, jentilak Kixmiren (jentilek Kristori ematen zioten izena eta “tximu” esan nahi duena) iritsiera iragartzeko jaitsi ziren menditik. Osagai mitologiko hori eta enborraren eta suaren tradizioa lotuta sortu zen Olentzeroren pertsonaia. Olentzero izeneko enborra ikazkin baten bitartez pertsonifikatu zen; hura mendian lanean ari zela, Kristoren jaiotzaren berri izan zuen eta hainbat herritara jaitsi zen Berri Ona ematera.

Olentzeroren eta suaren arteko harremana pertsonaiaren hiru ezaugarriri lotua dago gaur egun. Ikazkin baten gisan irudikatzen da, pipa erretzen eta tximiniatik behera sartzen etxeetara. Hiru osagai horien ardatz nagusia sua da, zaharra berritzeari eta txarra garbitzeari lotutako sinboloa.

Olentzeroren ohorezko emankortasun errituak bilakatu egin dira denboraren joanean, eta Europako Santa Claus edo Bizarzuriren antzeko errituetara iritsi dira: ikazkin bihurturik, menditik jaisten da Jesusen jaiotza iragartzera eta opariak ekartzen dizkie haurrei Gabon Gauean. Era horretara, kristautasunak izaera familiarra eta etxekoia eman dio Olentzerori, eliza katolikoaren irakaspenekin bat datorrena.
Abenduaren 24an, ilunabarrean, hainbat abeslari talde ateratzen dira Euskal Herriko herrietako kaleetara, Olentzeroren istorioa kantatzera eta dirua eskatzera, eta Olentzero irudikatzen duen panpin bat edo ikazkinez mozorrotutako pertsona bat eramaten dute. Ilunabarrean su ematen zaio panpinari, antzina enborrarekin egin ohi zen modu berean.

 

Olentzero joan zaigu,
mendira lanera
intentzioarekin
ikatz egitera.
Aditu duenian
Jesus jaio dela
lasterka etorri da
berri ona ematera.
Horra! Horra!
Gure Olentzero!
Pipa hortzetan duela
eserita dago
kapoiak ere baditu
arraultzatxuakin
bihar meriendatzeko
botila ardoakin.

Inolaz ezin dugu
Olentzero ase
bakarrik jan dizkigu
hamar txerri gazte.
Saiheski ta solomo
makina bat este
Jesus jaio da eta
alaitu zaitezte.
Olentzero buru handia
entedimentuz jantzia,
bart arratsean
edan omen du
bost arroako zahagia.
Bai urde tripa handia!
Horra! Horra!…”