mari
DESKRIBAPENA
Amalurren pertsonifikazioa da naturan. ‘Anbotoko dama’, ‘Aralarko dama’, ‘Muruko dama’ edo ‘Aketegiko sorgina’ izenaz ere ezagutzen da. Jainkosen erregina da Mari, eta berak menderatzen ditu pertsonaia mitologiko guztiak. Europa zaharreko kultura matriarkalen jainkosa aintzinakoetako bat da, beharbada, Mari, izan ere, kultura zeltetako jainko zerutiarren aurrekoa da, eta baita kristautasunaren aurrekoa ere.   Lurraren barrualdean bizi da, Anboto mendiko osin eta haitzuloetan, eta hori da, hain zuzen ere, Mariren bizileku nagusia. Hala ere, beste 20 bizileku inguru ere baditu euskal lurraldean barrena. Zazpi urtez behin aldatzen du bizilekuz, eta suak inguraturik joaten da batetik bestera, hodei gorri baten edo haize bolada baten antzera, burrunba handia sortuz.   Itxura zoomorfikoak hartu ohi ditu Marik bere lurpeko bizilekuetan (zezena, aharia, akerra, zaldia, sugea, saia, etab.), eta giza itxura hartzen du, berriz, horietatik kanpokoetan. Itxura horietako bat emakume eder eta lirainarena da, ile luzekoa, oinetarainoko tunika gorri batez jantzia, urrezko zinta bat duela bekokian; urrezko gaztelu bat eraman ohi du eskuineko eskuan, eta herensuge bat (dragoia) edukitzen du oinen inguruan kiribildurik.   Haren mende daude emankortasuna eta uztak, eta bera da euriaren sortzailea.   Maju edo Sugaar jeinuarekin ezkondurik dago. Bi seme ditu, Mikelats (zintzoa) eta Atarrabi (gaiztoa); ongiaren eta gaizkiaren arteko oreka irudikatzen dute.

COOKIE-EN ERABILERA

Euskalmitologia.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu.

ACEPTAR