banner_personajes
Muskiko basajauna eta Sanmartintxiki

Lekua: Muski

basajaun

Garai batean, basajaunak bizi omen ziren Muskiko haitzuloan. Han, inguruko mendi gainetatik, sekulako gari mordoa biltzen omen zuten. Beheko lurretan, berriz, kristauak bizi omen ziren, eta artean ez omen zuten oraindik garirik ereiten, ez baitzuten alerik.

Behin, Sanmartintxiki, abarka handi batzuk jantzita igo omen zen Muskiko kobara; eta hango gari pila ikusita, basajaunei apustua luzatu zien, ea zeinek salto handiagoa egin gari piloaren gainetik.

Basajaunek erraztasun handiz igaro omen zuten saltoan gari pila; Sanmartintxiki, berriz, gari pilaren erdian erori omen zen, baina baita abarkak gari alez bete ere! Gero, handik alde eginda, Sanmartintxiki etxera bidean zela, basajaun bat konturatu omen zen Sanmartintxikiren azioaz, eta aizkora txikia bota omen zion, baina ez zuen hura harrapatu. Olasagastiko gaztainondo baten gerrian sartu omen zen aizkora txikia.

Kristauek, hala ere, nahiz eta gari alea izan, ez omen zekiten noiz erein; halako batean, ordea, basajaun bati entzun omen zioten barrezka nola esaten zuen:

“Ja jaaaai! Balekite, hartuko lukete:
Orri irtete artoa ereite
Orri erortze garia ereite
Eta San Lorentzotan arbia ereite.”

Ordutik zabaldu omen zen garia inguruko herri guztietan.

COOKIE-EN ERABILERA

Euskalmitologia.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu.

ACEPTAR