banner_personajes
Eguzki lore
eguzkilore

Elezaharraren arabera, bizitzaren hasieran, Lurra ilunpean zegoen garaian alegia, gizakiek erreguka eskatu zioten Mariri mehatxatzen zieten espiritu eta numen gaiztoen kontra borroka egiten lagun ziezaien. Marik, haien erreguak entzun zituenean, lehenengo alaba eduki zuen, Ilargi. Gizakiek asko eskertu zioten Ilargiren argia eman ziotelako, baina hura ez zen nahikoa gaizkiaren kontra borroka egiteko. Orduan, argi gehiago emango zuen eta ilunpetik aterako zituen zerbait eskatu zioten berriro gizakiek Mariri. Marik, orduan, beste alaba sortu zuen, Eguzki. Horrela sortu zen eguna. Orduz geroztik, espiritu gaiztoak ez ziren egunez gizakiak mehatxatzera ausartu. Baina Eguzki Lurraren bazterretik ezkutatzen zenean –Itsasgorrietan hain zuzen–, lurpeko munduan jarraitzeko bere ibilbidea, orduan, gaua sortzen zen. Gaua iristen zenean, gaizkia bere gordelekutik atera, eta gizakiak mehatxatzen jarraitzen zuen. Orduan, gizakiek Mariri eskatu zioten ea bazuen gaizkiaren kontra gauez borroka egiteko zerbait sortzerik; horrela, Eguzki Lore sortu zuen Marik. Gauez beren bizitokietatik ez ateratzeko eskatu zien gizakiei, eta beren etxeetako atean eguzki loreak jartzeko esan zien, haiek babestuko baitzituzten gaizkiaren aurrean. Orduz geroztik, gizakiek Marik esandakoa bete zuten, eta ez zuten gaizkiaren kalterik izan berriro.

Marik, era horretara, bitan banatu zuen mundua: egunekoen edo bizien mundua, Eguzkik argitzen zuena; eta gauekoen mundua edo espirituena eta hilen arimena, Ilargik argitua.

COOKIE-EN ERABILERA

Euskalmitologia.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu.

ACEPTAR